Inicio LIVE WACKEN 2015. Argazkiak eta kronika

WACKEN 2015. Argazkiak eta kronika

0
WACKEN 2015. Argazkiak eta kronika

 WACKEN 2015. Alemania. Uztailak 30-31 Abuztuak 1

Asteazkenean, kaleak esnatu aurretik jaiki eta, jada prestatuta genuen motxila gainean hartuta, Bilboko aireporturantz abiatu ginen. Helmuga: Wacken. Noski. Iruñako Divertis bidai agentziak antolatutakoari eutsi genion berriro ere. Eta badira dagoeneko 8. Oraingoan, asko ez bada ere, taldeko arduradun modura joan ere. Eta, gainera, prentsa pasearekin! Inportante hi! (hori bai: poltsitarik gabe geratu ginan…)

Beraz, bagenituen Hamburgorako hegaldia eta Wacken-erako joan etorriak lotuak. Beste behin ere, rain or shine, euri ala eguzki, metalaren Meca-ra gindoazen eta, noski, edozeri eusteko prest gindoazen. Wackeeeen!!!!

Iritsi ginen eta, jo! hura zen hura topatu genuen lokaztia!!! Egun euritsu bateko Erdi Aroko kalerik gabeko bideetan ibiltzea bezalako zerbait zen hura!!! Ur zaparrada, lokatza, hotza…eta sekulako bikingo pila dagoeneko mozkor. Bai, Wacken da. Iritsi gara.

Lehenengo egunerako, gainerakoetarako bezalaxe, zer ikusi nahi genuenaren plan zehatza genuen. Jon Diva, Uli Jon Roth, Europe…bada, horretan geratu ziren, euskaldunok hain ondo ezagutzen dugun Metal Place-en geratu baikinen, lekuaren giroak, bertan eskegitzen duten ikurrinak eta ondoko txosnako Oettinger zerbezaren prezioak erakarrita. Leku bikaina eta plana, kanpoko euri-jasari begira, primerakoa!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Ostegunak euripean esnatu gintuen. Bajoia? Ez, ba. Ostegunean hasten dira benetako kontzertuak. Zazpi eskenatokietatik sei jartzen dira martxan. True Metal eta Black Stage-ak, printzipalak; (Party Stage-a, aurrekoak baina txikiagoa ostiraletik aurrera jartzen da martxan); Headbanger Stage eta W.e.t. Stage karpa modura; Wackinger Stage, zonalde mediebalean; eta, txikiena, baina ez horregatik gutxiena, Beer Garden Stage. 120 talde baino gehiago aurretik. 3 egun gehiago. Eta hark aurreko egunean ez bezala hasten da bibratzen. Pentsa, ez dakit zenbat milaka watt aldi berean burrunban. Bruuuuummmmm!!!

Beno, osteguna…UDO-rekin hasi genuen, Bundeswehr Musikkorps orkestrarekin batera zetorrena. Eskenategi printzipaletako batean jo zuen, jakina. Eta ez zuen gaizki sonatu. Espero genuen bezala, bere abestiak entzun genituen, orkestrarenak eta, noski, Accept-enak. Metal Heart eta Princess Of The Dawn, hain zuzen, kontzertuari amaiera emateko.

Jada bero-bero geunden. Ateri baina lokatzean (edo lokazpean esan behar?). Baina igual zion. Aurrera! Rob Zombie ikusi nahi genuen ondoren eta hala izan zen. Plana aurrera zioan. Rob Zombie-k eta bere taldeak jada ezaguna zitzaigun bere horror-show-a eskaini ziguten eta animoak, behean ez bagenituen ere, pozik goratu zizkigun. Jo zituzten temak espero zitezkeenak ziren. Living Dead Girl, Never Gonna Stop, Dragula…baina, inoiz joko al digu Dead Girl Superstar? Ea bada hurrengoan.

Gaua bazetorren eta horrekin eguneko, eta esango nuke edizio honetako, show-rik esperoena. Hain justu duela urte bete jarri ziguten gozokia. Savatage. Talde berezia, garrantzitsua eta mitikoa. 70. hamarkadaren bukaeran sortutako talde amerikarra, rock progresiboaren hasierako notak eman zituena eta, oraingoan, hamarkada batzuk eta ondoren berriki berrelkartuak eta beren jatorritik espresuki guregana etorriak da, Europa osoan emango zuen show bakarra izango zen hura. Beraiekin, gainera, Trans-Siberian Orchestra zetorren, inoiz Wackenen eman ez zen performance-a ematera prest. Eta ez zen gutxiago izan. Savatage taldearen hasierako saio baten ondoren, orkestraren saioak jarraitu zion eta honi, 2 eskenatoki nagusiak batera hartzen zituen 2 taldeen baterako kontzertuak. Han zeuden Jon Oliva bera, Black Stagearen buru eta Paul O’Neill (orkestraren zuzendaria) eta Al Pitrelli (Savatage-en gitarra burua), gainerako orkestrarekin batera, True Metal Stagearen gidari. Momentu batean 2 bateria, 2 baxu, 2 gitarra, 2 teklatu, 2 soka instrumentu (biolin/biola) eta 4 abeslari (Jeff Scott Soto bera horien artean), dantzari eta koroak lagun, ari ziren guztiak batera jo eta su.

Izugarria bai teknikoki eta baita musikalki ere. Bien talde nahiz eskenatokien arteko koordinazioa perfektua izan zen. Eskenatokietako pantailak, atzekoak, alboetakoak (guztira 8); piroteknia, su, aire eta su-artifizial; Savatage taldearen abesti sonatuenak; soinuaren kalitatea…Ez dago hitzik han ikus-entzun genuena adierazteko. Benetan izugarria. Wackeneko historian mugarri.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Polita ez? Bada horrela (gutxi gora behera) amaitu genuen osteguna. Hurrengorako prest.

Ostiraleko plana: Sepultura, Kvelertak, Stratovarious, Queenryche, Opeth, Dream Theater, In Flames, Within Temptation, The BossHoss…Ondo, ez? Egingarri? Bai, egin genuen. Nola? Ez galdetu. Euria? Ba, ez. Eta hoberena: lokatza lehortzen hasita zegoen eta batetik bestera ibil zitekeen, botak bidetik galdu gabe behintzat.

Sepulturakoek gogor astindu zituzten Wackeneko zaleen belarriak, beti bezala, topean arituz, ohi den modura. Kvelertak iparraldeko taldea da (Baionakoak ez), norvegiar bikingo peto-petoak. Iazko Hellfesten ikusi genituen eta baita Azkena Rocken ere. Martxa soberan dute emateko beraien doinuekin eta bikain aritu ziren, zaleekin duten lotura ederki erakutsi zuten bezala (badakizue, crowdsurfinean eta holakotan ibiltzeko parada ederra da Wacken).

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Stratovarious-ekoak gogor hasi ziren Black Diamond tema mitikoarekin, eta mailari eutsi ziotela esan zitekeen (nahiz soinu eskasarekin), beraiek hain ondo ezagutzen duten Party eskenatokian. Queensrÿch-ekoek, aldiz, berea eman zuten, beraien lehenengo diskoetako abestiak jotzen. Noski, hor egon zen Queen Of The Reich. Gogoak genituen Opeth-ekoak ikusteko. Ez ditugu berez jarraitzen baina ezagunak genituen hainbat tema jo zituzten eta pozik utzi gintuzten (Mikael Akerfeldt abeslariak atera zuen atuendoari ez ikusiarena egingo diogu…). 2008ko Watershed laneko Heir Apparent entzun ahal izan genuen. Horrekin eta izan zuten soinu ikaragarriarekin kontent! Dream Theater-ekoek beraien lanen antzeko errepaso kronologiko bat eman zuten, azkeneko diskoko Behin The Veil-ekin amaitzeko. In Flames talde suediarra berrituta zetorren estetikan (Anders Fridén abeslaria txurroak moztuta eta zuriz jantzia erabat) baina ez aldiz jarreran. Eskenategi handian berriro ere, horrelako tamainako talde batekin gutxiago espero ez zen bezala. Only For The Weak abestiarekin hasi eta guztiok ezagunak genituen hit zahar eta berriekin erabat harrapatu gintuzten. Sua eta imajinak ere ez ziren faltan izan. Talde handia zuzenekoan, bai horixe!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Within Temptation izan genituen Party Stagen. Hydra beraien lan berrietako himnoak aurkeztu zizkiguten (Paradise, And We Run), baina gainerako diskoetako zaleek gehien gustuko dituzten temak ere hor egon ziren (Faster, In The Middle Of The Night…). Sineád abestiaren akustikoa egin zuten eta, bukatzeko, ama lurrari keinu bat egin zioten, nola ez, gure Mother Earth. The BossHoss Berlineko taldeak, ia goizaldeko ordu biak aldera jo bazuten ere, saltoka jarri gintuzten beraien country-rock erritmoekin. Ez ziren falta Rodeo Radio, Last Day (Do or Die), Stallion Battalion, Keep On Dancing edo Word Up hain ezaguna den Cameo taldearen eta, berezitasun bezala, 1969tik datorkigun, eta Elvis berak hain ederki moldatu zuen, Tony Joe White-en Polk Salad Annie abestiaren bertsioak. Bikainak!

Larunbatean zutik jartzeko gai ginen oraindik eta herriko festek pil-pilean zirauten, eguzkiaren goxotasunak berotuta. Egun horretako izarrak Rock Meets Classic egitasmoak elkartuko zituen. Hala ere, hor zeuden Black Spiders, Avatar, Beyond The Black, Amorphis, Sabaton…eta Judas Priest beraiek ere. Handiak.

Black Spiders taldeak eguna poliki hasteko pilak kargatu zizkigun. Motörhead-aren antzeko rock zikina egiten duen talde ingelesa da eta lantxo pare bat badute ere kolkoan, asko dute esateko. Ojo talde honekin! Hurrenak, Avatar. Sweden Rock-en ikusi genituen eta espektatiba handiekin joan bagina horiek ikustera, han, hemen bezala, horiek erabat gainditu zituzten. Metal berria egiten duten talde suediarra da eta zirko beltzaren kutsua ematen diote espektakuluari taulara ateratzen den boskoteak. Talde benetan interesgarria. Beyond The Black, boza handia jaso duen taldea ikusi nahi genuen. Talde alemana, berria oso, disko bakarra zorroan baina kontutan hartzekoa. Are gehiago, beraien eskenatokietako lehen aurkezpena Wackenen eman zuten 2014. urtean, hain zuzen. Emakumezko ahotsaren balioari musikariena gehitu behar zaio. Zaleei hainbeste gustatzen zaizkien abestiak jo zituzten, oso soinu kalitate onean. Songs of Love and Death laneko abestiak jo zituzten eta gainera, Motörhead-en abesti batekin ausartu ziren, piano eta guzti, hain zuzen, 1916 diskako Love Me Forever tema puskarekin.

Aurreko taldeko abeslaria, Jennifer Haben, gure sorpresarako, Rock Meets Classic-en ikusi genuen berriro ere. Eta honekin batera, Pragako Bohemian Orchestra, Dee Snider bera (Twisted Sister), Bilbon duela gutxi ikusi ahal izan dugun Joe Lynn Turner (Rainbow), Michael Kiske (ex-Helloween, Unisonic) eta Marc Storace (Krokus) izan ziren. Show bikaina, polita. Norberak berea egiten zuen orkestrak eta gainerako musikariak lagun zituztela. Adibide modura, Michel Kiske-k I Want Out Helloween-en tema mitikoa kantatu zuen. Zertarako esan gehiago?

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Amorphis, Danko Jones…jateko parada ere hartu behar zen eta, behar basikoei so eginaz lehenik, Danko Jones, Sabaton eta azkenik Halford-en taldekoak ikusteko prestatu ginen. Esan beharra dago, nahiz eta Sabatonekoek dena eman eta tanke, su artifizial eta guzti eskenatokian eta eskenatokitik kanpo atera, Judas Priest-ek, inongo gupidarik gabe, beraien handitasunagatik baina soinu kalitatearen aldetik bereziki, moskitoak bailiran zanpatu zituzten. En fin, badakigu nola doazen gauzak…Black Sabbathen War Pigs eta euren Battle Cry berriaren zati bat erabiliz hasiera eman zioten metal showari. Han entzun genituen Dragonaut, Halls Of Valhalla, Reedimer Of Souls bezalako abesti berriak eta Turbo Lover, Breaking The Law, Electric Eye, Painkiller…bezalako tema mitikoak. Indartsu mantentzen direla dirudi. Eta bigarrenean joan ziren, zaleak gustura baina gusturago utziaz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Askorentzat hura izan zen Wackeneko 26. edizioko azken saioa. Beste batzuentzat, ez. Festak, modu batean edo bestean, aurrera egin zuen.

Ah, ta jaso nota datorren urteko Wacken Open Air 2016rako: Blind Guandian, Axel Rudi Pell, Dragonforce, Ministry, Steel Panther, Unisonic, Therion…begiratu ezazu zeuen kabuz Wackeneko web orrian. Seguru sorpresaren bat jasoko duzuela.

Ongi izan metalaren anai.arrebok!!!

😉

Textuak eta argazkiak: Iñaki Barzina eta Ainhoa Eguren

Argazkiak (bandak): Iñigo Malvido

[FAG id=27988]

DEJA UNA RESPUESTA

Por favor ingrese su comentario!
Por favor ingrese su nombre aquí